Deskribapena eta xedeak

Helburua da Bonelli arranoa berreskuratzen laguntzea Mediterraneo mendebaldean.

Lekualdatutako Bonelli arranoa, emisorea eta guzti.

AQUILA a-LIFE egitasmoak lagundu nahi du Bonelli arranoaren presentzia handitzen mendebaldeko Mediterraneoan eta atzera egiteko duen joera aldatzea, antzina bizi zen ekosistemak berreskuratzen lagunduz. Proiektuak lagundu nahi du espeziea berreskuratzen eremu geografiko zabal-zabalean meta-populazioari eraginez (eta ez hainbeste tokian tokiko populazio txikien eskalan).

Horretarako, aleak askatzea aurreikusten da, aldez aurretik LIFE Bonelli proiektuan erakutsi den eraginkortasuna duen proiektua baliatuz; izan ere, askapen horiek emaitza positiboak izan dituzte hainbat eremutan (Madrilen nahiz Araban eta Nafarroan). Gainera, eremu berrietan, adibidez Sardinian, lortutako esperientzia ere aplikatuko da. Gauzak horrela, AQUILA a-LIFE proiektua LIFE BONELLIren bigarren fasetzat har daiteke; izan ere, fauna basatiko populazioak berrezartzeko edo sendotzeko proiektuek maiz behar izaten dituzte zenbait garapen fase.

AQUILA a-LIFEren funtsezko lanaren beste lan ildo batek Bonelli arranoarentzat gaur egun dauden mehatxu nagusien gaia jorratuko du; hala, arreta berezia jarriko du elektrokuzioak prebenitzeko eta murrizteko zereginean, sektore giltzarriekin batera jardunez, hala nola konpainia elektrikoekin, toki administrazioekin eta gaian adituak diren pertsonekin.

Bonelli arranoak arazoak partekatzen ditu beste harrapari batzuekin (bereziki elektrokuzioa); horren kariaz, harraparien beste espezie horiek ere onurak aterako dituzte proiektu honetatik, esate baterako eguzki arrano iberiarrak, arrano beltzak eta arrano sugezaleak, besteak beste.

Bonelli arrano heldua, gatibualdian izan bitartean hazkuntzarako erabiliko dena.

Helburuak

  1. Lurralde bikoteen kopurua handitzea Iberiar Penintsularen erdialde eta iparraldean eta Sardinian izandako presentzia historikoa indartzeko.
  2. Bonelli arranoek eta beste hegazti batzuek elektrokutaturik hiltzeko duten arriskua murriztea haien banaketa eremuetan, bai gune babestuetan bai handik kanpo ere.
  3. Bonelli arranoak Mediterraneoan duen metapopulazioaren kontserbazio egoerari buruzko ebaluazio zorrotza egitea, betiere aurrera eramandako neurrien eraginkortasuna baloratuz eta eragile nagusiekin emandako hurrengo urratsak zehaztuz.
  4. Ehizaren sektorea eta bestelakoak Bonelli arranoa berreskuratzeko eta kudeatzeko lan honetan inplikatzea rol aktibo baten bidez, espeziearen onarpena areagotzeko.
  5. Ulertzea zein den Bonelli arranoaren gisako super harrapakari batek Mediterraneoko uharte bateko funtzio ekosistemikoetan izan dezakeen inpaktua.
  6. Bonelli arranoek eta bestelako hegaztiek ureztaketa urmaeletan edo abeltzaintza putzuetan itota hiltzeko edo besorako mahastien hesiekin kolisioak izateko duten arriskua murriztea.
  7. Bonelli arranoak arrano beltzaren aldean duen lehiakortasuna handitzea hazkuntzarako lurralde historikoetan.
  8. Gizarteak bereziki Bonelli arranoaren alde eta oro har harraparien alde izan beharreko errespetua handitzea.
e-max.it: your social media marketing partner