Ingurumena

Bonelli arrano bat jaio da Arabako Mendialdean, 40 urtetan lehena

Europako hegazti harrapari mehatxatuenetako bat da, eta azken 40 urteotan Araban jaio den lehena da. Zelie izena jarri diote txitari.

Bonelli arrano gazte bat. RAMON ARAMBARRI, AUGUR NATURE
Oihane Puertas Ramirez.
2021eko uztailaren 1a
16:42
Entzun

Hainbat urte igaro eta gero, Bonelli arrano bat jaio da Izkiko parke naturalaren inguruan (Araba). Arabako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, apirilean jaio zen hegaztia, baina «hilaren amaierara arte itxaron behar izan zuten txita bakarra zegoela egiaztatzeko», txita jaio eta 46 egunetara. Azaldutakoaren arabera, «habiara iristeko eskaladan eta irrati transmisoreetan aditu direnen laguntza izan zuten, eta egiaztatu zuten emea dela, eta Zelie izena jarri zioten».

Europako hegazti harrapari mehatxatuenetako bat da Bonelli arranoa. Araban duela 40 urte jaio zen azkena. Zelie espezie hori berreskuratzeko lan egiten duen Aquila a-Life programaren barruan jaio da.

2015. urtetik, Arabako Foru Aldundiak 30 Bonelli arrano sartu ditu. Duela hiru urte, esaterako, Natura Ondarearen Zerbitzuak bost txita sartu zituen Arabako Mendialdean. Horietako bi, Soraia eta Leo, bikotean bildu ziren: «Elkarrekin egiten zuten hegan, lurraldea defendatzen zuten beste harrapari batzuetatik, elikagaiak partekatzen zituzten, eta hegaldian harrapariak elkarri uzten zizkioten». Bi arrano horien kumea da Zelie.

Bikotean bildu baino lehen, Leo eta Soraia nor bere aldetik joan zen Portugalera. Soraiak Alentejon (Portugal) pasatu zuen negua, eta Leok, Tajo ibaiaren estuarioan. 2019ko udaberrian, bai Soraiak eta bai Leok zenbait bidaia egin zituzten Euskal Herrira, baina ez ziren Araban gelditu. 2020ko udaberrian, ordea, Kanpezun egin zuten topo bi arranoek. Handik gutxira, bikotean egonkortu, eta habia prestatzen hasi ziren, baina Soraiak ez zuen arrautzarik errun. «Elkarrekin jarraitu zuten; beste habia bat egin zuten Izkiko parke naturalaren inguruan, eta, azkenean, otsailean, Soraiak errun zuen».

Arrano arrantzaleak Urdaibain

Duela hilabete gutxi jaio ziren Urdaibain ere hiru arrano arrantzale. Horietako bat munduko lehen arrano arrantzale albinoa izan zen, jaio eta hiru egunetara hil zena. Beste biak ere ekainean hil ziren, jaio eta hogei egunera.

Urdaibai Bird Centerreko arduradunek jakinarazi zuen arrano arrantzale bikote batek habia egin zuen Urdaibain, eta handik egun gutxira jarri zuten lehen arrautza. Maiatzaren bukaeran jaio ziren lehenengo bi txitak, eta ekainaren hasieran hirugarrena.

Arrano arrantzaleak zuzenean ikus daitezke Urdaibai Bird Center zentroaren Youtubeko kanalean.

[Youtube]https://youtu.be/tOW1K1JhFSQ[/Youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.